Juan Carlos Mujikari elkarrizketa Argian.

Opus Deiren Euskal Herriko komunikazio arduraduna.

Donostiarra sortzez, familia Leitzarra duzu eta Bilbon bizi zara.

Gurasoak Donostiara lan bila joan ziren eta horregatik han jaio eta bizi nintzen, Alde Zaharrean. Aita kafetegi batean zerbitzari lanetan zenbait urtez aritu ondoren, Leitzara itzuli eta Basakabi hotela eta jatetxea zabaldu zuten. Gaur egun nire bi anaiek jarraitzen dute ostalaritza munduan. Asteburuak eta oporrak Basakabin ematen nituen, baina Donostian bizi nintzen izeba batekin. Batxilergoa amaitutakoan Ekonomikak ikastera joan nintzen Bilbora, Sarrikora. Egoera politikoa oso gogorra zen, dena puri-purian zegoen. Ekonomiaz gain beste gauza asko ikasi nuen unibertsitatean: oso jende konprometitua ezagutu nuen politikarekin, gai sozialekin… eta horrekin gelditu naiz. Koherentea izatea zer den ikasi nuen giro horretan.

Administrazioan urte luzetan aritu zara lanean, non zehazki?

Arabako Foru Aldundiko Ogasun sailan hasi nintzen. Gero, 95ean, kargu publikoa izan nintzen: Kultura zuzendaria. Lau urte oso interesgarri izan ziren. Bukatu nuenean Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen saileko departamentu bateko zuzendaria izan nintzen Diputazioan eta beste lau urte gehiago eman nituen Eusko Jaurlairtzan, Xabin Intxaurragarekin Ingurumen sailean. Politikan ere aritu nintzen EA alderdiarekin.

Zergatik utzi zenuen hori guztia Opusen lanean hasteko?

Iritsi zen momentu bat non aldaketa behar nuen. Urte asko neraman administrazioan lan egiten eta salto bat ematea egoki ikusten nuen. Buruak beste zerbait eskatzen zidan. Denboralditxo batez kanpora ateratzeko gogoa ere banuen. Garai hartan, bi urte lehenago, proposatu zidaten Opuseko Euskal Herriko Komunikazio bulegoa martxan jartzea. Aldatzeko gogoa neukanez eta gauza desberdina zenez, onartu egin nuen. Sekulako zortea izan nuen. Zortzi hilabete sabatiko hartu eta Ipar Amerikara joan nintzen. Sei hilabete izan nintzen Toronton eta beste bi Estatu Batuetan, Opusen hango bulegoetan nola lan egiten duten ikusten.

Lanbide honetan hasi zinenean politika aktiboa ere utzi zenuen. Zergatik?

Arabako EAko exekutiban nengoen, baina lan berri honetan jende desberdinarekin ibili behar zen eta nire jarrera politikoa maila pribatuan gelditu behar zela pentsatu nuen. Hala ere, nire pentsamendu politikoak ez dira horregatik aldatu.

Segituko bazenu Bildukoa zinateke orain? Bitxia, ezta?

Rafa Larreinari gertatzen zaion bezala: bera ere Opuseko numerarioa da eta Amaiurko diputatua Madrilgo Kogresuan. Nire kasua agian ikusgarriagoa litzateke.

Seguru askotan egin dizkizuten galderak direla: Opusen zergatik, noiz eta nola sartu zinen?

Bai, askotan galdetzen didate, noski, baina normala da. Azken finean, Opusekin gertatzen da Elizaren barruan nahiko fenomeno berria dela eta morboa sortzen duela. Gaztetan ni oso mutil normala nintzen. Garai hartan gehienok bizi ginen gizarte giro kristauan. Bizitzan denok inoiz izan dugun krisialdi batean sartzen hasi nintzen ikasle garaian eta Opusen bitartez kristautasuna zer zen ulertu nuen. Kristau izateko era desberdin bat ezagutu nuen han. 18 urterekin sartu nintzen behin-behinean eta bost urte geroago behin betiko, inkorporazioa normalean bost urtetan egiten baita. Numerarioa egin nintzen.

Zer da Opusekoa izatea?

Benetako kristautasuna zure bizitzan sartu eta bizi proiektu bihurtzea. Horrek argitasuna eman zidan nire bizitzaren zentzua ulertzeko. Lehengo egunean Pedro Almodovarri esaldi hau irakurri nion: “Idatzi eta filmak egiten ditut nire bizitzaren hutsunea betetzeko”. Hutsune hori betetzea da bizitzan norberak duen erronka nagusia. Batzuk ez dira oso kontziente bizimolde azkarrean sartzen direlako, edo pentsatu nahi ez dutelako, baina gero bizitzak kolpeak ematen dizkizunean nolabaiteko euskarriak behar dituzu aurrera jarraitzeko.

Zuen webgunea irakurrita, zu ezagututa… ematen du GKE bati buruz edo Elizaren oinarrizko mugimendu herritar bati buruz ari garela, baina bestaldetik Opusez dugun irudia askoz ere negatiboagoa da. Zer gertatzen da hor?

Hasi nintzenean pentsatu nuen komunikazio lan honi hasiera emateko lehenbiziko urratsa zela jakitea jendeak zer pentsatzen duen gutaz. Arlo ugaritako 500 pertsonarekin hitz egin nuen. Elkarrizketa horiek guztiak egin ondoren ikusi nuen errespetatu bai, baina ez gaituztela maite. Eta hori neurri handi batean gure errua izan da. Guri Eliza osoari gertatzen zaiona gertatzen zaigu, zaku berean gaude. Urte askotan egurra eman digute eta horren ondorioz ateratzeko beldur izan gara, baina garai horiek pasa dira eta orain jarrera jatorragoa erakutsi behar dugu, herrikoiagoa. Zer egiten dugun erakutsi eta geure burua ezagutzera eman behar dugu.

Komunitate eraginkorra zarete Elizaren egituran?

Eraginkorra? 4.500 apezpiku daude eta horietatik soilik 23 dira Opusekoak. %0,1 besterik ez. Vatikanon ari direnen artean ere %0,1 da Opusekoa. Egia da oso postu garrantzitsuetan kokatu izan direla, baina orain, adibidez, Federico Lombardi jesuita da Vatikanoko bozeramailea, Opuseko Navarro Valls ordezkatzera etorri zena, eta inork ez du esaten “zer nolako boterea duten jesuitek!”. Nik ez dut horrenbesteko pisurik ikusten.

Baina Opusi buruz hitz egitea erlijioz harago doazen kontu askotaz hitz egitea ere bada, ezta? Dirua, politika… Opus beti agertzen da diruarekin eta eskuinarekin harremanetan.

Hori egia izango balitz, hori ikusi izan banu, ni ez nintzateke Opusekoa izango. Gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Opusek egin zuen bere lehen obra korporatiboa Bizkaian izan zen, 1951n: Gaztelueta ikastetxea. Gerra hasi aurretik Escrivá de Balaguer Madrilen zegoen eta han Opusek ikasleentzako erresidentzia bat zeukan. Hara ikastera joateko aukera dirudunek soilik zuten. Bilbotik joandako batzuk ziren gero hemengo kolegioa zabaldu zutenak. Haien inguruko jendea, Negurikoak, joaten ziren hara eta horregatik gizartearen sektore eta giro horrekin lotua dago. Baina Bilbo edo Euskal Herria askoz ere handiagoa da eta guk eskaintzen dugun produktua jende guztiarentzako da, ez soilik haientzat, dirudunentzat. Zerotik hasiko bagina oso modu desberdinean egingo nuke: proiektu bat, balore batzuetan oinarritua, baina jende guztiarentzat. Baina ez gara hasiberriak eta hau dena aldatzeko sekulako lana egin behar da.

Etxean zakur berdea zarela diozu, baina Opusen barruan baita ere, ez?

[Irriz] Askotan esaten didate ni desberdina naizela. Denak gara desberdinak.
Nafarroan alfonbra gorria jarri zaio beti Opusi: lurzorua oparitan unibertsitatea eraikitzeko garaian, ondoren laguntzak, baimenak… Duela gutxi, Donapean ikerketa zentroa zabaltzeko erraztasunak emateko prest zen UPN.
Gauza bat esango dizut: Euskal Autonomia Erkidegora etorrita badakizu Gipuzkoak Nafarroak baino diru gehiago ematen diola Nafarroako Unibertsitateari? Eta ikastetxeekin, diru-laguntzekin, ez dago arazorik. Ematen du Nafarroan dena desberdina dela.

Eta ikasleen generoaren araberako segregazioa nola uler daiteke?

Ni ez naiz aditua. Orain batzuk hasi dira esaten Estatu Batuetako ikastetxe publikoetan ere hasi direla neskak eta mutilak bereizten emaitza hobeak lortzearren… Bigarren mailako eztabaidatzat hartzen dut. Gurasoak dira erabakitzeko askatasun osoa izan behar dutenak. Zergatik ez?

Opuseko ikastetxeetan dauden guztiak ez dira Opusekoak?

Ezta gutxiago ere, ez familiak ez irakasleak ere. Nafarroan agian gehiago dira hor daudelako Unibertsitatea eta Klinika eta horien bidez Opuseko familia asko iritsi dira, baina Bilbon, adibidez, agian Opusekoak %5a besterik ez da izango. Hor jendea dago balio batzuk bilatzen dituelako, edo esatus sozial bat, agian.

Numerarioa zara. Zer esan nahi du horrek?

%80 supernumerarioak dira, familiak osatu ditzakete. Hori da estandarra. Eta gero gaude arraroagoak garenok: numerarioak. Espiritu berean, baina disponibilitate osoa dugu lanetik kanpo formazioa emateko supernumerarioei, beste lurralde batzuetara joateko edo lan zehatzak egiteko. Beti ere modu boluntarioan, ez aginduta.

Eta gogorra da zelibatoari eustea?

Ni gaztetan, Basakabin nengoenean, lagunekin diskotekara joaten nintzen. Mutil normal-normala. Badakit kanpotik ikusita zaila dela ulertzea, baina kristautasuna zure bizitzan sartu eta zure proiektu bihurtzen denean, horrek esan nahi du zure barne bizitza sustatu egiten duzula eta azkenean nolabaiteko harreman pertsonala ezartzen duzula Jaungoikoarekin. Harreman horretan ikusten duzu berak osorik berari eskainitako pertsonak behar dituela. Eta egoera honek askatasuna ematen dizu jende guztiarekin egoteko. Jokamolderik koherenteena iruditzen zait. Zelibato hitza niri ez zait batere gustatzen. Ematen du ez dakit non galdutako monasterioko zerbait izugarria. Dena den egoerak, pertsonak, harremanak… ez dira berdin ikusten 20 edo 50 urterekin.

Zilizioak (sexu tentaldiei aurre egiteko gorputzean ezartzen den eta mina egiten duen tresna) eta halako zigorrak maiz erabiltzen dira?

Mortifikazioa deitzen zaio horri. Hala ere fundatzaileak dio benetako mortifikazioa eguneroko gauza txikietan dagoela. Adibidez, umore ona izatea lanetik etxera bueltan. “Mortifikaziorik onena batzuetan irribarre bat da”, esaten zuen. Borroka pertsonala da, nire izaera hobetzeko ahalegina, besteei bizitza errazagoa eta erosoagoa egiteko lehia. Hori da borrokarik zailena. Horrelako espiritua izateko gogor saiatu behar da eta izaeraren arabera borroka pertsonal hori modu batez edo bestez egingo duzu.

Zuk erabili duzu inoiz?

Bai, erabili dut. Eta normala da jendeak ez ulertzea.

Eta zer ikasi duzu?

Entrenamendu moduko bat da. Zeure buruari egiten diozun exijentzia bat. Zentzu horretan hartu behar da. Nik ez dakit horrek iraungo duen ala ez, baina garrantzitsuena bestea da, hobetzeko egunero egiten den borroka pertsonala.

Aita Santuak orain berriki emakumeek Elizan duten paperaz hitz egin du. Bigarren mailako kideak dira?

Apaiz emakumerik ez dugu oraindik, baina gainerakoan maila berean daude. Garrantzitsuena da emakumearen papera eta duintasuna bermatzea gizartean eta elizan. Emakumearen parte-hartzea kontu berri samarra da gizartearen hainbat alorretan eta Elizan gauzak beti askoz ere mantsoago mugitzen dira. Nik argi daukat emakumeak gizonok baino gehiago direla. Emakumeek badute frekuentzia banda bat askoz ere zabalagoa. Gizonok sinpleagoak izaten gara. Sentiberatasun handiagokoak dira eta gauzak errazago harrapatzen dituzte. Emakumeek badakite edozein adineko pertsonak tratatzen eta edozein egoeratan, eta hori lan munduan nabari da. Proposamenak egiterakoan eta erabakiak hartzerakoan beste ikuspuntu globalagoa ekartzen dute. Nik hori askotan ikusi dut, horregatik erabakiak hartzen diren tokietan emakumeak egotea oso garrantzitsua da. Hori da nire pertzepzioa.

Hala ere Opuseko batzuek oraindik uste dute emakumeen zeregina ez dela ikastea eta lan egitea, baizik eta etxean gelditzea senarra eta haurrak zaintzen.

Nik ere hori entzun dut, baina kontatu didate aspaldiko kontu bezala.

Guri irakasle batek esan zigun ni Nafarroako Unibertsitatean ikasten ari nintzelarik, eta ez naiz horren zaharra…

Horregatik esaten dizut asko hobetu behar dugula.

Halakoetan ez dizu gogorik ematen Opuseko kide batzuei ahoa xaboiez garbitzeko?

Hori erakunde guztietan gertatzen da. Komunikazio lana kanpora eta barrenera begira egin behar da. Kanporakoa askoz errazagoa da. Barrura begira gure hutsuneak non ditugun ikusten ari gara eta Prelaturak hori onartu egin du jada.

Iruñerriko Antsoain herrian abortuak egiten dituen klinikaren parean protesta ekitaldiak egiten dira. Aurrekoan artzapezpikuak ere parte hartu zuen. Zer pentsatzen duzu horretaz?

Badira estiloak eta estiloak. Batzuek halako ekimenak ongi ikusten dituzte eta beste batzuek nahiago dugu beste bide batzuk jorratu. Orain berriki, adibidez, Maternity izeneko proiektua abian jarri duen pertsona ezagutu dut. Zailtasunak dituzten edo bortxatuak izan diren emakume haurdunentzat haurra izan dezaten, eta baita ondoren ere, laguntza iraunkorra ematea da helburua. Hori bai iruditzen zaidala ekimen interesgarria. Ni ez nintzateke inoiz joango Antsoaingo klinika horretara protesta egitera, baina ezin diet besteei trabarik jarri. Egiten ahal dudana da hitz egin eta saiatu konbentzitzen gauzak modu positiboan egiteko, baina besterik ez. Bestalde prentsan aurkezten ari dira gaia “operación Opus” balitz bezala eta hori ere ez da. Esan dute Unibertsitateak kredituak ematen dizkiela bere ikasleei hara joateagatik. Hori tontakeria galanta da.

Aita Santu berria zer moduzkoa da?

Oso ona. Nik ikusi nuen bezain laster pentsatu nuen oso komunikatzaile ona dela. Bi hilabetetan buelta eman dio gauza askori. Benedictorekin pederastia, vatileaks, agirien lapurreta, mafiak… ageri ziren komunikabideetan bata bestearen jarraian. Honek buelta eman dio mezuaren ardatzari heldu diolako. Bere buruarekin oso zorrotza da eta oso koherentea. Ez du komunikazio aholkularirik, eta egia esan, inork aholkatu gabe oso ongi egiten ari da dena.

Opusentzat ona?

Oso ona. Primerakoa.