Bizitza

San Josemaria Escriva (1902- 1975)

San Josemaria Escriva, Opus Deiko sortzaileak, santutasun bide berriak zabaldu zituen Eliza Katolikoan, gizon-emakume guztiek bere lana eta eguneroko egitekoak jokabide kristauez burutuz santutasuna irits dezaketela gogoraraziz.

HAURTZAROA ETA GAZTAROA.

Josemaria Escriva de Balaguer Barbastron (Hueskan, Espainian) jaio zen 1902ko urtarrilaren 9an. Bere gurasoak Jose eta Dolores zeritzaten. Bost anai-arreba izan zituen: Carmen (1899-1957), Santiago (1919-1994) eta beste hiru arreba, bera baina txikiagoak, neska txikiak zirela hil zirenak. Escriva senar-emazteak heziketa kristau sakona eman zieten beren seme-alabei.

Aita oihalen salerosketa zuen lanbide. 1915ean porrot egin zuen bere lantegiak. Harrezkero Logroñora aldatu behar izan zuen eta beste lan bat aurkitu zuen han. Hiri horretan antzematen du Josemariak lehenbizikoz bere goi-deia: erlijioso baten oin zantzuak elurrean ikusita, Jainkoak berarengandik zer edo zer nahi duela sumatzen du, zehatz-mehatz zer den ez jakin arren. Apaiz eginez gero errazago asmatuko duelakoan, prestaera hasten da, Logroñon aurrena eta gero Zaragozako seminarioan. Bere aitaren aholku bati jarraituz, Zuzenbideko ikasketa zibilak ere ikasiko ditu Zaragozako Unibertsitatean, kanpoko ikasle gisa.

OPUS DEIREN SORRERA

Jose Escriva jn. 1924ean hil ondoren, Josemaria familiaren burua da. 1925eko martxoaren 25ean apaiz egiten da; bere apaiz lanak herri bateko parrokian hasten ditu eta ondoren Zaragozan jarraitu.

1927an Madrilera aldatzen da, bere gotzainaren baimenaz, Zuzenbide doktoregoa lortu asmoz. Madrilen, 1928ko urriaren 2an, Jaungoikoak aspalditik argitzen ari zitzaion eginkizuna ikusarazten dio, eta Opus Dei sortzen du. Harrezkeroztik lanean dihardu buru-belarri Jaungoikoak eskatzen dion sortze lanetan. Era berean, bere apaiz betebeharrekin jarraitzen du, Madrileko ospitale eta auzune herrikoietan gaixotasunarekin eta pobretasunarekin topo eginez.

1936an, gerra zibila hasi zenean, Madrilen zen Josemaria. Erlijio pertsekuzioa zela eta zenbait lekutan ezkutatu behar izan zuen. Apaiz lana ezkutuan jarraitzen du, Madriletik ateratzea lortu arte. Pirinio mendiak zeharkatuz Frantziako hego aldera iristen da, eta gero Burgosa.

1939an, gerra bukatutakoan, Madrilera itzultzen da. Hurrengo urteetan gogo jardunaldi ugari zuzentzen ditu, laikoentzat, apaizentzat eta erlijiosoentzat. 1939 urtean bertan bukatzen ditu Zuzenbideko doktorego ikasketak.

OPUS DEIKO HAZKUNDEA GIDATZEN

1946tik Erroman bizitzen jartzen da. Teologiako doktoregoa eskuratzen du, Letraneko Unibertsitatean. Vatikanoko bi kongregazioko aholkulari izendatzen dute, baita Aita Santuaren Teologia Akademiako ohorezko kidea eta Aita Santuaren ohorezko prelatua ere. Arreta handiz jarraitzen ditu Vatikano II Kontzilioko prestaketak eta saioak (1962-1965), eta kontzilioko aita askorekin hartu eman sakonak dauzka. Bidai asko egiten ditu Erromatik Europako zenbait herrialdetara, leku horietan Opus Dei kokatu eta sendotzeko. 1970 eta 1975 artean, bidai luzeak egiten ditu, asmo berberaz, Mexikora, Penintsula Iberikora, Hego Amerikara eta Guatemalara. Leku hauetan gizon eta emakume talde ugariekin katekesi bilerak izaten ditu.

1975eko ekainaren 26an hiltzen da, Erroman. Haren kanonizazio kausa zabaltzea zenbait mila pertsonak eskatzen diote Aulki Santuari, herrialde desberdinetako gotzain askok – munduko gotzainen herenak –, besteak beste.

DOHATSU ETA SANTU AITORTZEA

1992ko maiatzaren 17an, Joan Paulo II.ak Josemaria Escriva de Balaguer dohatsu aitortzen du Erroman, San Pedro plazan, 300.000 pertsonen aurrean. “Aspertu gabe aldarrikatu zuen Josemaria dohatsuak”, zioen Aita Santuak bere hitzaldian, “santutasunera eta apostolutzara dei orokorra, goi-argiz argitua”.

Hamar urte geroago, 2002ko urriaren 6an, Joan Paulo II.ak santu aitortu zuen Opus Deiren sortzailea, San Pedro plazan, 80 baino gehiago herrialdetako jendetzaren aurrean. Kanonizazioan parte hartu zutenei egindako hitzaldian hau zioen Aita Santuak: “Santutasunera dei orokorra aldarrikatzeko eta eguneroko bizitza - zeregin arruntak - santutzeko bidea dela irakasteko aukeratu zuen San Josemaria Jaungoikoak. Arruntaren santua izan zela esan liteke”.